XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ugalketa

Etxe barruko landare batzuk ugaltzeko teknika eta tresneria bereziak behar dira.

Hala ere, landare asko etxean erraz ugal daiteke.

Zatiketa

Landare nagusiaren inguruan sortzen diren landaretxoak askatu edo ebaki eta landatu.

Horrela espezie asko ugaltzen dira (Clivia, Chlorophytum, Maranta, Sansevieria, Aspidistra, etab.).

Landaretxoak lur-nahaste egokian landatu, toki epelean eduki eta puja berria sortu arte arin ureztatu.

Lan hau udaberri hasieran egin ohi da.

Belaunketa

Landare igokari edo herrestariak ugaltzeko erabiltzen da belaunketa (ikus beheko irudia).

Zurtoin mardul bat aukeratu eta lur harroa duen lorapote batean alanbre batez sartuta eusten da.

Lorapote berritik aurrera, hostaila edo puja berriak azaltzen direnean sustraiak errotu direnez gero, zurtoina ebaki eta landare berria dugu.

Zurtoina zurezkoa edo gogorra duten landareetan belaunketa honela egiten da (Ikus ondoko irudia): Landare-muturretik 50 cm ingurura, azala bueltan ebaki.

Plastikozko poltsa batean goroldio hezea eta lur-nahaste bat jarri, zauriaren inguruan goi eta behean loturik.

Laster plastikotik sustraiak ikusiko ditugu, plastikopetik zurtoina ebaki eta lorapote batean landatu probena edo landare berria.

Landare zaharrean puja berriak sortuz berrituko da.

Ugalketa hau Ficus eta tankerako landareetan erabili ohi da.

Aldaska

Hau da etxe barruko landareak ugaltzeko erarik zabaldu eta errazena.

Zurtoin biguna duten landareen aldaskak errazago errotzen dira (Begonia, Cyperus, Irrepatiens edo Etxeko poza, Hedera edo Huntza, Pelargonium edo Geranioa, etab.).

Adar-aldaska

Lorerik ez duen adar mardul bat aukeratu (ikus 12. orrialdean goiko irudia), 15 cm inguruko muturra ebaki, behealdeko hostoen erdiak kendu eta lur harro hezean sartu eta estutu.

Punta-begia kima daiteke, eta hosto handiak dituen landarea bada, hauek erditik ebaki.